Saltatu nabigazioa

6.3.- Indiano eta bankariak

XIX. mende hasiera latza izan zen Lekeitiorentzat. Bizitako gerrek ekonomia lur jota utzi zuten, eta emigrazio eta izurriteek populazioa jaitsiarazi zuten. 1825ean 2.737 lagun bizi baziren herrian, 1837arako 2.084 baino ez ziren. Izan ere, gerra arteko garai hori emigrazio handiko aldia izan zen, gazteenek kontinente berrira alde egin baitzuten etorkizun hobe baten bila. Herriaren egoera ekonomiko eskasak, eta aro berriak zekarren industrializaziora ez egokitzeak, ez zien beste biderik utzi. 

Garai hartan Udala ere zorpetuta zegoen, eta gerretan pilatutako zorrei aurre egiteko lur komunalak saldu behar izan zituen, baita maileguak eskatu edo zergak igo ere. Zorpetze horren ondorioz, Udala ez zen gai izan biztanleen oinarrizko beharrizanak bete edo herri lan garrantzitsuak bere kabuz aurrera ateratzeko. Hala ere, hainbat indiano, bankari eta negozio gizonek emandako diru laguntzen bidez obra garrantzitsuak burutu ahal izan ziren herrian, lekeitiarren bizi baldintzak hobetuz.

Diru emaile horietan esanguratsuena, beharbada, agirrebengoatarrek, uribarrendarrek eta abaroatarrek osatu zuten leinua izan zen. Leinu horri Jose Ignacio Agirrebengoa Agirrek (1765-1848) eman zion hasiera. Zumarragan jaioa, 19 urterekin Espainia Berrira emigratu zuen, Mexiko hirira. Berrogehi urtez bertan bizi eta dirutza egin ostean, Mexikok independentzia lortzean Europara bueltatu zen. 1826an Bordelen jarri zen bizitzen, eta Aguirrebengoa Fils & Uribarren banku komertziala sortu zuen bere bazkide Jose Javier Uribarren lekeitiarrarekin batera. Bazkide hori bere 16 urteko alabarekin ezkonduko zen urte bat geroago, Maria Jesus Agirrebengoarekin. Bordeletik hainbat negozio egin zituen Ameriketako zenbait konpainiekin, eta 1837an Parisen ezarri zuen bere enpresa.

Agirrebengoak, bere bizitzan zehar, hainbat dohaintza eman zizkion bere jaioterri zen Zumarragari. Bere ondorengoek bide bera jarraitu zuten, Lekeitioko herrian hainbat obra eta proiektu finantzatuz. Ezbairik gabe, agirrebengoatarrek zeresan handia izan zuten Lekeitioko uribarrendarren arrakasta komertzialean. J.J. Uribarren bazkidetzat hartzeaz gain, Agirrebengoa jaunak haren anaia Fabian Uribarrenen esku utzi zuen bere konpainia. Horrez gain, hil zenean, J.J. Uribarrenek dirutza handia eskuratu zuen bere emaztearen bitartez, eta 1852an Uribarren & Compagnie sortu zuen.

Hain zuzen Jose Javier Uribarren (1791-1861) eta Maria Jesus Agirrebengoa (1811-1857) izan ziren Lekeition dirutza gastatu zuten lehen handikiak (margoak). Uribarren jauna Lekeition bertan jaio zen dirudun familia batean. Aita Miguel Uribarren izan zuen, ontzigile eta ontzi jabea, hainbat udal kargu izandakoa. Bilbon bere ikasketak burutu ostean, ontzi-enpresen munduan hasi zen lanean. Hala ere, handik gutxira, Mexikora emigratu eta bertan dirutza handia egin zuen merkataritza kolonialean esku hartuz.

Hantxe ezagutuko du aipatu berri dugun Jose Ignacio Agirrebengoa, bere negozio laguna eta aitaginarreba izango dena. Mexikok independentzia eskuratu ostean, Bordelen finkatu zen, eta aipatu bezala, 1852an Parisen bere banku komertziala zabaldu zuen, Uribarren & Compagnie. Ordutik aurrera, negozio handietan murgildu zen, besteak beste, Madrid-Irun trenbidearen eraikuntzan parte hartu zuen eta Bilboko Bankuaren korrespontsal lanak egin zituen Parisen.

Garai hartako Frantziako dirudunen artean, nahiko hedaturik zegoen inspirazio kristauko ongintza ekimenak burutzea. Kristautasunaren adar batek gizartea katolizismotik erreformatzearen aldeko hautua egin zuen, langile mugimenduak aldarrikatzen zuen iraultza sozialistaren aurrean. Ez da ahaztu behar XIX. mendean langile borrokak asko indartu zirela.

Ildo horri jarraituz, hainbat kapitalista katolikok herritar xumeen bizi baldintzak hobetzera bideratu zuten euren diruaren zati bat. Besteak beste elizen eraikuntza eta zaharberritzea edo ikastetxe kristauen sorrera bultzatu zuten; baita diru dohaintzak eman edo karitatezko beste ekimen batzuk burutu ere, tartean obra handiak. Uribarren eta Agirrebengoak garai hartan Frantzian bizi zen giro horren eragina jaso zuten eta aitzindariak izan ziren Espainian inspirazio katolikoko ekintza sozialak gauzatzen.  

Nahiz eta Frantzian bizi, Lekeitiorekin harreman estua izan zuten senar-emazteek  eta denboraldi batzuez bertan bizi izan ziren. Hainbat etxe izan zituzten Lekeition, ezagunena agian, Isuntza hondartzaren gainean eraiki zuten Uribarren jauregia (argazkia). Horrez gain, J.J. Uribarren 1832-1833 urteen artean alkate izan zen eta hainbat egitasmo burutu zituen. Adibidez, arrainaren garraioa hobetzeko asmoz, errege-bidea egiteko komisioa jarri zuen martxan. Horrez gain, umeen eskola ere egin zen bere agintaldian, tartean berak jarritako 10.000 errealei esker. Hala ere, gutxi iraun zuen alkate postuan, Lehen Gerra Karlistaren ondorioz (1833-1839) udal karguak aldatu egin baitziren. Hain zuzen, garai horretan Udalak bizi zuen egoera ekonomiko kaskarra zela- eta, Lekeitioko hiru handikiei, hots, Bandaormaetxea, Agirre Solarte eta Uribarren berari laguntza eskatu zitzaien.

Gerraren ostean, 1843an, hilerriaren berritze lanak ordaindu zituen –Fabian Uribarren anaiarekin, eta haren amaginarreba eta Jose Ventura Agirre Solarteren emazte Ceferina Altzibarrekin batera–, eta bere influentzia baliatuz, lehen mailako epaitegia eta portuko aduana jartzeko kudeaketak erraztu zituen. Aipatzekoa da Fabian Uribarren anaiak ere, hilerriaz gain, beste hainbat dohaintza egin zizkiola Lekeitioko herriari. Esaterako, hil ostean utzitako 30.000 errealak. 

1850eko hamarkada izango da Uribarren-Agirrebengoa senar-emazteen dohaintza handien garaia. Alde batetik, hirigintza lan handiak finantzatu zituzten, esaterako Trakamailgo (Amoroto) uren ekarrera edo Lazunarriko moila. Bestetik, neskatilen kolegioa, hospizioa, Nautika Eskola –Jose Luis Abaroa ilobarekin batera–, edo merkatu plaza berria –gaur egungo Barandiaran aretoa– bezalako eraikinen eraikuntza ordaindu zuten. Azkenik, Elizari ere dohaintzak egin zizkioten. Antiguako Ama eta San Pedroren aldareak berritzeko dirua jartzeaz gain, San Jose eliza ere berritu zuten, eta hainbat altzari oparitu zituzten bertarako. Horrez gain, Santa Maria elizarako Cavaille Coll organo berria erosi, eta berau jartzeko lanak ere ordaindu zituzten.

1857an eta 1861ean hilko dira, hurrenez hurren, Maria Jesus Agirrebengoa eta Jose Javier Uribarren. Beraien hiletak Lekeition burutu ziren, goi mailako meza eta ekitaldiekin. Seme-alabarik izan ez zutenez, senar-emazteen ondasun eta jabetza gehienak Jose Luis Abaroa ilobaren esku geratu ziren, tartean Uribarren jauregia bera eta Parisko bizilekua. Horrez gain, Nautika Eskola eraikitzeko eta berau urte luzez mantentzeko adina diru utzi zuten –232.000 erreal–, baita Elizari edo Mexiko, Zumarraga, Bilbo eta Lekeitioko behartsuei laguntzeko hainbat partida ere.

Esker onez, Lekeitioko Udalak Uribarren izena eman zion plaza gaineko kaleari, bertan izan baitzuen lehen bizitokia Jose Javier Uribarrenek. Isabel II.ak berak ere “Ongitzaren Gurutze Handia” eman zion J.J. Uribarreni bere bizitzan zehar burututako ekimenengatik. 1886an, euren ondorengoa zen Pascual Abaroak eta Lekeitioko Udalak mausoleo bat eraikiarazi zuten San Jose elizan senar-emazteen omenez.

Esan bezala, Jose Luis Abaroa Uribarren (1816-1865) ilobak jaso zuen herentziaren zatirik handiena. Gizon hau Antonia Uribarren –J.J. Uribarrenen arreba nagusia– eta Juan Luis Abaroaren semeetako bat zen. Berau ere bankaria izan zen Parisen eta osabaren negozio bazkidea. Handiki honek ere, bere aurrekoen ereduari jarraituz, hainbat dohaintza egin zizkion Lekeitioko herriari. 1856tik aurrera, ospitale berriari urtero 4.000 erreal eman zizkion, 1863an Antiguako Amaren irudiari arropa brodatu berriak egin zizkion, eta osabarekin batera Nautika Eskolaren fundatzaile izan zen, osaba hil ondoren eraiki eta inauguratu zen arren. Eloisa Gaminderekin ezkodun bazen ere, ez zuten ondorengorik izan. 1865an bere buruaz beste egin zuen Parisen.

Jose Luis Abaroa Uribarren hiltzean, bere anaia Pascual Abaroa Uribarrenek (margoa) (1825-1890) jaso zituen Agirrebengoa Fils & Uribarren, Uribarren & Compagnie, eta J. L. Abaroa & Uribarren enpresak. Horrez gain, bere enpresa ere fundatu zuen Parisen, Abaroa & Compagnie.

Pascual Abaroak ere dohaintza handiak egin zizkion Lekeitioko Udalari 1880ko hamarkadan. Ospitalea handitu eta berau mantentzeko dirua eman zuen –ordutik “Hospital Abaroa Hospicio Uribarren” izena jasoko du–; uren ekarrera berria, estolderia, ur biltegia eta garbitoki bi egiteko lanak finantzatu zituen; bera izena daraman etorbidea eginarazi zuen; eta, Santa Maria eliza handitzeko lanak ordaindu zituen, berau basilika bezala izendatua izan zedin lortzeaz gain. Horrez gain, Arrantzaleen Kofradiari ere hainbat mailegu eta diru partida eman zizkion, eta beste hainbat familia txiro diruz lagundu zituen bere bizitzan zehar.

Dohaintza horien guztien omenez, Lekeitioko seme kuttun izendatu zuen Udalak eta, 1935. urtean, bere heriotzaren 45. urteurrenean, Moises Huertak eginiko eskultura bat jarri zen herriko plaza nagusian. Gainera, Santa Maria elizako presbiterioaren atzean mausoleo bat eraiki zitzaion.

 Agirrebengoatarrez, uribarrendarrez eta abaroatarrez gain, izan ziren dohaintzak egin zituzten beste dirudun batzuk ere. Horien artean egon zen Agirre Solarte dirudun familia, eta batez ere, Jose Ventura Agirre Solarte. Horiek ere aurreko leinuarekin lotuta zeuden nolabait, Gertrudis Agirre Solarte –Jose Venturaren ahizpa–, arestian aipatu dugun Fabian Uribarrenekin ezkondu baitzen.

Jose Ventura Agirre Solartek (1793-1842) ere Ameriketara emigratu zuen 1810. urtean, eta besteak beste, Txile eta Perun aritu zen hainbat negoziotan. 1826. urtean bueltatu zen Europara, eta Ceferina Altzibar markinarrarekin ezkondu ondoren, Londonen jarri zen bizitzen. Bertan, Cristobal Murrieta Mellorekin Agirre Solarte & Murrieta komertzio-etxe eta bankua sortu zuen. Negozioez gain, politikan ere aritu zen, gorteetan prokuradore izan baitzen eta, 1836an, ogasun ministro izendatu baitzuten. Hala ere, ez zuen kargua hartu.

Kanpoan bizi arren, ez zuen Lekeitiorekin harremana guztiz galdu eta portuan eraiki zuen bere udaldietarako etxea. Horrez gain, hainbat dohaintza egin zizkion bere jaioterriari. Esaterako, gerra garaian diru partidak eman zizkion Udalari eta hilerriaren erreformarekin ere lagundu zuen bizi izan zen bitartean. Parrokiari Baionatik ekarritako 36 argiko armiarma-lanpara oparitu zion. Hil ondoren, 8.000 erreal utzi zizkion ospitaleari.

Azkenik, goitisolotarrak eta, bereziki, Agustin Goitisolo Lezarzaburu (1811-1886) (argazkia) diruduna aipatu behar ditugu. Hala ere, aurreko familiek ez bezala, goitisolotarrek ez zuten inolako dohaintzarik utzi bere herrikideentzat. Agustin Goitisolok 1833an emigratu zuen Ameriketara, 22 urte zituela familia diruz laguntzeko asmoz. Kuba aukeratu zuen bere helmugatzat, garai hartan Espainiak mantentzen zuen azken kolonietako bat. Familia xumekoa izanda, diru gabe joan zela dirudi, eta hasieran lan txikiak eginez aurreztu zuela dirua.

Hamar urte eman zituen gogor lan egiten, eta lortutako irabaziekin azukre-lantegi bat eta plantazio bat irekitzea lortu zuen. Aurrerago plantazio gehiago ere zabaldu zituen, eta baita horietako bati “Lequeitio” izena jarri ere. Plantazio horietan, jakina, esklaboek egiten zuten lan –332tik gora izan zituen–. Horrez gain, esklaboen salerosketan eta mailegu-emaile gisa ere aritu zen. Horrela, urte gutxiren buruan, irlako handikietako bat bihurtu zen, eta hainbat kargu politiko lortu zituen Kubako Cienfuegos hirian.  

1870. urtean Bartzelonara bueltatu zen eta Antonio Goitisolo Digat semeraren esku utzi zituen Kuban zituen negozioen kudeaketa. Hala ere, gutxika bere irabaziak Europara ekarri zituen, adibidez, Murrieta eta Abaroa banketxeetara. Horrez gain, Kataluniako hiriburuan jabetza handiak erosi zituen. Hiri honetantxe eman zituen bere azken urteak, 1886an hil zen arte. Amaitzeko, aipatu behar da, Juan, Jose Agustin eta Luis Goitisolo Gay idazle famatuak bere ilobak izan zirela.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia