Saltatu nabigazioa

2.5.1.- Santa Katalina (argazkia)

Santa Katalinako (argazkia) haitzuloa Ispaster eta Lekeitioren arteko mugan dago, Otoioko magalean dagoen Antzoris lurmuturrean. Kareharrizko itsaslabar horretan kokatzen da, gaur egun itsasotik 35 metroko altueran. Haitzuloak elkarren ondoan dauden bi sarrera ditu, eta estalagmitaz eta kareharrizko multzoz osatuta dagoen gela zabal berera daramate biek. Guztira, 85 metroko sakonera dauka eta zortzi metro inguruko altuera.

Bizileku bezala kokapen ezin egokiagoa daukala azpimarratu behar da. Irisgarritasun ona dauka, sarrera zabala, eta egun osoan zehar eguzkiak argiztatzen du. Horrez gain, ipar-mendebaleko haize hotzen babesean dago eta inguruaren gaineko talaia ezin hobea da. Egun argitsuenetan Lapurdiko kostaldea ere ikus daiteke bertatik.

Lehen indusketak Jose Miguel Barandiaranek burutu zituen 1964. urteko udaberrian, Lumentxako kanpaina abiatu aurretik. Indusketa horretan eskuratutako materialak, egun, Bilboko Arkeologia Museoan daude; eta besteak beste, suharriak (argazkia I / argazkia II) eta moluskuak aurkitu zituen. Hala ere, lehen lan sistematikoei 1982. urtean ekin zitzaien. Ordutik 2000. urtera arte, hamabost kanpaina inguru burutu ditu Eduardo Berganzak gidaturiko taldeak (argazkia).

Santa Katalinako koban egindako lan horien ondorioz, badakigu gizakien bizileku izan zela tarteka, duela 12.000 urtetik duela 8.000 urtera arte. Aldizkako okupazioa elkarren gainean pilatuta aurkitu diren suen hondarrek salatzen dute, aldi batetik bestera kopurua eta potentzia aldatzen dira eta. Haitzuloa okupatuta egon zen lehen aldian klima oso hotza izan zela erakusten dute datuek, gaur egun Norvegiako iparraldean dagoenaren antzekoa. Ostera, koba okupatuta egon zen azken aldian, klima gutxi gorabehera gaur egungoa bezain epela izan zen.

Orain arte pentsatu izan da, Magdalen Aldiko gizakiek batez ere ugaztunak ehizatzen zituztela, eta arrantza dietan garrantzia handirik ez zuen osagarria baino ez zela. Hala ere, Santa Katalinan egindako ikerketek uste hori aldatu dute. Aurkitutako arrain aztarna ugarien artean, jateko egindako ebakien arrastoak dituzten bakailao hezurrak aurkitu dira (argazkia); baita arrantzarako hainbat tresna ere, animalia adarrez egindako arpoi edo arrankaziak adibidez (argazkia). Hortaz, argi dago Santa Katalinako biztanleek bakailaoak harrapatu eta jaten zituztela.  

Gaurkoz, aurkitu diren bakailao arrastorik zaharrenak aztarnategi horretakoak dira. Norvegian aurkitu direnak baino 4.000 urte zaharragoak alegia. Bakailao ornoen tamaina erreparatuz gero, gehienak hogei kilotik gorakoak zirela antzeman daiteke. Itsasotik haitzuloraino zegoen distantzia kontuan hartuz gero –arestian esan bezala,  bost kilometro inguru–, pentsa liteke itsasertzean bertan garbitzen zituztela handienak. 

Baina bakailaoaz gain, beste arrain espezie batzuen hondarrak ere aurkitu dira. Garai hotzetan, esaterako, platuxa eta izokinenak, eta garai epelagoetan, berriz, sardina, antxoa edo lupia hondarrak. Azken aldi horretan, halaber, klimaren epeltzearekin batera itsasoko baliabideak ugaritu ziren. Horren lekuko da, lapa eta magurio oskolen kopuru ikaragarria, edo itsas triku, lanperna edo krustazeoen presentzia.

Arrasto horietatik abiatuz, batetik, ikus dezakegu arrantza garrantzitsua zela eguneroko dietan, eta bestetik, erreketan ez ezik itsasoan ere aritzen zirela, nahiz eta ziurrenik itsas bazterrera mugatu.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia