Saltatu nabigazioa

9.3.3.- Juan Bautista Eguzkitza

Juan Bautista Eguzkitza Meabe (1875-1939) Lemoan jaio zen. Gasteizko seminarioan egin zituen apaiz ikasketak, eta gazte-gaztetatik letretarako bere dohaina erakutsi zuen. Urte batzuez seminarioan bertan irakasle jardun ostean, eta Elizako kargu baterako lehiaketa galdu ostean, ikastetxea uztea erabaki zuen. Lekeitioko latinidade katedra hutsik zegoela-eta, 1904. urtean horren ardura hartu zuen, eta ia bere bizitza osoa eman zuen berton.

Hiru hamarkada luze horietan, beste hainbat abaderen antzera, erlijio kontuetan ez ezik euskalgintzan ere gogotik jardun zuen, euskaltzain oso izateraino. Gerra iritsi zenean herritik alde egin behar izan zuen, baina, handik gutxira, abertzale izatearen susmopean atxilotu eta epaitu egin zuten. Libre utzi zuten arren, 1939. urtean hil zen gaitzak jota.

Hasieratik, Eguzkitzaren asmoa herri xehearen artean Eliza Katolikoaren mezua hedatzea izan zen. Kontuan izan behar da, XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran bestelako mundu ikuskera batzuk indarra hartzen ari zirela –modernismoa, zientifikotasuna, klase borroka…–. Horren aurrean, Elizak bere mezua zabaltzeko eta molde berrietara egokitzeko beharra ikusi zuen. Testuinguru horretan kokatu behar ditugu Eguzkitzaren zenbait lan eta jardun.

Alde batetik, Jaungoiko-zale elkartearen partaide izan zen sorreratik bertatik. Bizkaiko zenbait abadek pentsamolde katolikoa euskaraz emateko asmoz sortu zuten elkarte hori, eta aldizkariak eta bestelako argitalpenak plazaratu zituzten. Elkarteak Zornotzan izan zuen bilgunea eta, 1917. urterako, Eguzkitza bera zen, jada, taldeko burua.

Bestetik, hainbat idatzi eta lan argitaratu zituen: Garbitokiko Arimaen Illa (1915) –Sarda y Salvany apaiz katalanaren liburuaren itzulpena–, Andra Mariaren Loretako Illa (1919), Baltzolaren Argi donea bizkaieratua (1932), edo ondu zuen Kristiñau-ikasbidea.

Ildo horretan kokatu behar dugu Gizarte-Auzia (1935) liburua ere. Esan bezala, mende hasiera hartan pil-pilean zegoen sozialismoaren eta kapitalismoaren arteko auzia. Nolabait, Euskal Herriko Elizak ere bere ikuskera eta bere “doktrina soziala” gizarteratzeko beharra sentitu zuen. Eguzkitza aitzindari izan zen arlo horretan ere, euskaraz horrelako gaiak landu zituen lehena izan baitzen. Hasiera batean Jaungoiko-zale elkarteak bultzaturiko Ekin astekarian argitaratu zituen gai horren inguruko hainbat artikulu, eta gerora liburu bakar batean bildu zituen guztiak. Kontzeptu berriak azaltzeko, hizkuntza egokitu behar izan zuen Eguzkitzak, hitz berriak asmatuz.

Gizarte jakintzako euskarazko lehen liburutzat jo izan den honek gai asko barnebiltzen ditu, besteak beste, soziologia, erlijioa edo ekonomia. Modu argi eta didaktikoan azaltzen ditu sozialismoa eta komunismoa, gizarte-arazoen sorburua zein den, Marxen pentsaera, marxismoaren eta kristautasunaren aldeak eta abar. Lanean zehar, Eguzkitzak argi adierazten du zein den bere ideologia, kristau demokrazia, sindikalismo katolikoa eta abertzaletasuna sutsuki defendatzen baititu. Zalantzarik gabe, euskalduntasuna eta kristautasuna lotuta ulertzen zituen, “euskaldun fededun” goiburuak jasotzen duen legez.

Horrez gain, sermolari iaioa ere bazen Eguzkitza. Bai idatziz, bai ahoz, lan handia egin zuen herritarren artean Elizaren mezua zabaltzeko eta, aldi berean, euskarari prestigioa emateko. Ez da ahaztu behar, halaber, herritar askorentzat meza izaten zela euskara jasoa entzuteko modu ohikoena. Labayru Ikastegiak Neure entzule maiteak (Berbaldi hautatuak) (2013) liburuan jaso zituen mintzaldi horietako batzuk.

Arestian esan bezala, Euskaltzaindian ere buru-belarri jardun zuen. 1919. urtean sortu zen Euskal Akademia eta, Azkuerekin batera, lehen hamabi kideetako bat izan zen Eguzkitza. Sakon eta zabal landu zituen euskal gaiak. Euskararen batasuna, euskalkiak, garbizalekeria/garbizaletasuna, ahoskera, aditza, joskera eta bestelako gaiak tentuz aztertu zituen. Azkueren Morfologia vasca (1923) lan mardulari ere hainbat iruzkin eta iradokizun egin zizkion. Hain zuzen, sorrerako euskaltzainen artetik, maila handiena zutenen artean kokatu behar dugu Eguzkitza.       

Etnografo, ikerlari eta kazetari moduan ere jardun zuen. Esan bezala, hainbat aldizkaritan idatzi zuen –Euskera, Euzkerea, RIEV, Yakintza, Euzkadi…–, gehienetan goitizenen batekin sinatuz. Lan horien artean, azpimarratzekoa da Lekeitioko kaxarrankaren inguruan argitaratutako artikulu luzea: “Kaxarrenkaren goraberak eta Auriako jaya” (1927, RIEV). Horrez gain, Ekin aldizkarian Lekeitioko albiste eta berriak idatzi ohi zituen. Bere kazetaritza sena argi erakutsi zuen, halaber, Euskal Herriko emakumeen inguruan idatzitako “Emakume euskotarra” (1930, Yakintza) artikuluak. Izan ere, lan horrengatik, Kirikiño saria eman zioten.

1975. urtean, bere jaiotzaren mendeurrena zela-eta, Euskaltzaindiak, bertako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta omenaldia egin zioten Lemoan. Ordutik, harrizko oroigarri bat ikus daiteke elizaren ondoan.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia