Saltatu nabigazioa

5.3.2.- San Juan Talako ermita

San Juan Talako ermita (argazkia)

1594. urtetik dokumentatutako ermita honi muino edo talaia baten gainean kokatuta dagoelako deitu izan zaio horrela. Herrigunearen amaieran dago, itsaslabarretik gertu, eta bertatik, ekaitzak, baleak edo arrain sardak ikus zitzaketen arrantzaleek. Gainera, XIX. mendean defentsarako bateria bat ere jarri zuten baseliza horren aurrean.

Alabaina, ikuspegi ezin hobea duen toki horretan egoteak ekaitz eta itsaso zakarraren jo puntuan uzten zuen eraikina. Horrela, 1715. urtean, eusten zion harkaitza erori egin zen eta itsasoan hondoratu zen baseliza. 1719an hasi ziren berreraikitzen, beheraxeago, aurrekotik gertu zegoen orube batean. Martin Malaxbeitia hargina eta Martin Barainka zurgina arduratu ziren eraikuntza lanez. Baseliza berriarentzat harrizko 447 haga berri eta aurreko eraikuntzaren harlauzak eta zutabeak erabili ziren, Leako ospitalean ostera ere landu ondoren. Aurreko ermitaren kanpaia ere berrerabili egin zen.

Horrez gain, harrizko gurutze bat eta ur bedeinkatua gordetzeko bataiarri bat egin ziren. Lanak, guztira, 10.200 erreal balio izan zituen. Ondoren, Domingo Bernardo Abariak diseinaturiko erretaula, eta Bilbon, Andres Quintanak eta Miguel Villanuevak zizelkatutako irudiak ekarri ziren. Hala ere, geroago ere erreformatua izan dela iradokitzen digu eraikinaren itxura neoklasikoak. Azkenik, 1984. urtean, sute bat pairatu zuen.

Gorabehera horien guztien emaitza eraikin errektangular xume bat da. Ertz-babesetan kokatutako harlanduek sendotzen dute harlangaitz luzituko ermita. Anta arteko eliz ataria du eta horien alboko hormak, hasieran irekita zeudenak, gaur egun itxita daude ermita babesteko. Hala ere, itsasora begira dagoen hormak baoak ditu berau zelatatzeko. Bere sarrera dintelduna da eta bi isuriko estalkia du.

Oso altzari gutxi ditu, zituen erretaula eta irudiak XVIII. mendean erre baitziren. Mende hartatik forja-karel rokoko bat bakarrik mantendu du. Burualdean, titularraren irudia gordetzen duen horma-hobi bat dago. Izenak iradokitzen duen legez, San Juan da titularra. Kasu honetan, bizar luzearekin eta bere ikurra den arrano eta guzti ageri zaigu. Tailua XX. mendearen lehen erdialdekoa izan liteke, eta harekin batera balio artistiko eskaseko beste irudi batzuk ere badaude: San Markos, San Lukas, San Jose, Karmengo Ama –arrantzale tradizio luzekoa– eta Jesusen Bihotz Sakratua.

Aurreko atalean esan bezala, San Nikolas ermita eraistean, bertora ekarri ziren bertako santu titularraren irudia eta harribitxidun armiarma-lanpara. 1978. urtean, ordea, ostu egin zituen norbaitek.

San Juan Talako baselizak oso lotura estua izan du Arrantzaleen Kofradiarekin. Bertan aukeratzen ziren lehenago Kofradiako agintariak San Pedro egunaren biharamunean. Era berean, ekaitza zegoenetan, herritarrak baseliza horretaraino joaten ziren arrantzaleen alde otoitz egitera.

Tradizioak dioenez, ikastetxeetako umeak, gizonaren eta zeruaren arteko bitartekari lanak eginez, ilaran joaten ziren San Juan Talako baselizara ekaitza zegoen egunetan. Bidean arrosarioa eta letainak errezatzen zituzten arrantzaleen alde. Aurretik Gurutze Santua eramaten zuten eta baita, egun, Bilboko Arkeologia Museoan dagoen zutoihal berde bat ere. Kofradiak ordaindu egiten zien zerbitzu horren truke. Urtero, uztailaren 25ean, librako ogia eta gazta opil laurdena ematen zien. Ohitura horrek orain dela urte gutxira arte iraun du indarrean.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia