Saltatu nabigazioa

6.6.3.- Frontearen egonkortzea eta Lekeitioko bonbardaketak

Frontearen egonkortzea eta Lekeitioko bonbardaketak[1]  (argazkia I / argazkia II)

Arestian esan bezala, 1936ko urriaren 10etik aurrera, hainbat borroka eta norgehiagokaren ondoren, iparraldeko fronteak geldialdi bat izan zuen. 1936ko irailaren 27an hartu zuen Mutriku bando nazionalak, eta handik gutxira Ondarroa. Orduan, errepublikazaleek atzera egin behar izan zuten, eta 1937ko udaberrian borrokak berrekin arte, frontea Amallo, Kalamendi, Asterrika eta Milloi inguruan kokatu zen. Errepublikazaleek Plazakolako zubia, Ondarroako zubi zaharra eta zubi berria suntsitu zituzten frankisten aurrerabidea galarazteko.

Frankistek hartutako herrietan geratu ziren abertzale, ezkertiar eta errepublikazaleen aurkako errepresioa berehalakoa izan zen. Udal karguak kendu zizkieten, emakumeei ilea moztu zieten, euren denda eta negozioetan lapurtu zuten, eta hainbat espetxeratu edo fusilatu ere egin zituzten. Ondarroan, esaterako, umeak errekete jantzita desfilatzera behartu zituzten, eta euskaraz egitea edo euskal izenak jartzea debekatu zuten. Datuek erakusten dutenez, errepresio horren beldurrez, herritar askok alde egin zuen nazionalak sartu aurretik. Markina eta Xemeinen 348 errefuxiatu egon ziren bizitzen, eta Lekeition 2.089 inguru. Errefuxiatu horiek Eusko Jaurlaritzak hartu zituen bere gain eta etxeetan banatu zituen. Gerra hasi zenean Lekeitiok 4.127 biztanle zituen, baina handik hilabete gutxira, herriko biztanleria %50 hasi zen. Herria goitik behera aldatu zen.

Hasiera batean, bazirudien nazionalek Bizkaian aurrera jarraituko zutela, baina frontea egonkortu egin zen Berriatuko lurretan eta horrela egon zen zazpi hilabete luzez. Hau da, frankistak zein errepublikazaleak urriaren hasieran finkatutako kokalekuetan egon ziren apirilera arte, negu osoan, ez atzera, ez aurrera, bata bestearen arrean.   

Frontea egonkor mantendu eta egoera baretu zen arren, erasoak ez ziren guztiz amaitu. Lantzean behin bando bietakoek besteen posizio eta etxeei tiro egiten zieten, kalera irten edo baserrian lan egitea oso arriskutsu bihurtuz bertako biztanleentzat. Hori dela eta, askok egunez gordeta egon ostean, gauaren iluntasuna aprobetxatzen zuten soloan lan egiteko.

Modu berean, bando nazionaleko hegazkinak sarriago agertzen hasi ziren, ordura arte ezezaguna zen gerra egiteko modu bati hasiera emanez. Atzeguardia ahultzeko helburuarekin hegazkinek makina bat aldiz bonbardatu zituzten inguruak. Errepublikazaleek ere, hegazkin gutxiago izan arren, ahal zuten neurrian etsaien kokaguneak erasotzen zituzten. Tiroketa eta abiazioaren erasoez gain, lurreko artilleriaz egindako bonbardaketak ere sarri izaten ziren.

Hain zuzen, urriaren 10etik zegoen lasaitasuna hura urriaren 21ean amaitu zen. Errepublikazaleek eraso orokor bat antolatu zuten Eibar, Markina eta Lekeitioko fronteetan. Alde batetik, egun osoan zehar, hegazkin errepublikarrek Kalamuaren oinetan eta Larruskainen frankistek zituzten posizioak bonbardatu zituzten. Bestetik, goizeko bederatziak inguruan, lau hegazkin errepublikarrek Lekeitio eta Ondarroa parean zebiltzan etsaien bost bou bonbardatu zituzten, horietako bi hondoratuz eta beste bat sutan utziz. Hiru ontzi horietako marinel guztiak hil egin ziren. Onik geratu ziren beste bi ontziek Lekeitioko bi itsasontzi eta hamabi arrantzale atxilotu eta Pasaiara eraman zituzten. Horietako itsasontzi bat Lekeitioko alkate Mariano Adan de Yarzarena zen.

Urriaren 5etik 21era bonbardaketa eta tiroketak borroka lerroaren inguruan izan baziren ere, egoera hori aldatu egin zen urriaren 22an. Egun horretako arratsaldeko lauretan, frankisten Caproni markako hegazkin batek hainbat bonba bota zituen Lekeitiotik oso hurbil, eta lau pertsona hil ziren: Alberto Iriondo hamabi urteko errefuxiatu elgoibartarra, Maria Arrasate 21 urteko lekeitiarra, eta Miren Munitiz eta Maria Belen Munitiz, hurrenez hurren, hamahiru eta zortzi urteko errefuxiatu algortarrak. Hildako horiez gain, erasoak beste bost zauritu ere utzi zituen.

Hurrengo egunetan ere bonbardaketak izan ziren. Urriaren 23an, aurreko eguneko hegazkin berberak zortzi bonba bota zituen. Hiru portuan erori ziren, bat Zubietako jauregi-kuartelaren alboan eta beste hiru Mendexako lurretan. Mendexan bota zituzten bonbek Mendixa-Mendixakua baserria suntsitu zuten, baina ez zen inor hil, ezta Zubietan ere. Hala ere, Lekeitioko portuan jauzi ziren bonbek Martin Zendoia, Kanpelo 38 urteko lekeitiarra hil zuten, eta beste bederatzi zauritu eragin zituzten.

Urriaren 25ean ere, arratsaldeko hiru eta erdietan beste lau bonba bota zituzten hegazkin frankistek. Bonbetako batzuk ospitalearen inguruan jausi ziren eta bi pertsona zauritu zituzten. Hurrengo goizean ere, urriaren 26an, berriz bonbardatu zuten herria, ospitaleko leihoak hautsiz. Gainera, lehen lerroan zeuden gudarien posizioei ere eraso zieten. Azken eraso horien ondorioz, gudari bat hil zen eta beste bi zauritu ziren.

Urriaren 29an, goizeko hamar eta erdiak inguruan, berriz ere, sei edo zazpi bonba bota zituzten Lekeition. Bonba horietatik bost mojen komentuan jausi ziren, eta inor zauritu ez zen arren, herriko hainbat eraikinek kalteak izan zituzten. Erasoa arratsaldean ere errepikatu egin zen.

Beraz, frankistek sei aldiz bonbardatu zuten Lekeitio: urriaren 22an, 23an, 25ean, 26an eta 29an –azken egun horretan bi aldiz, goizez eta arratsaldez–. Bonbardaketa horien ondorioz, bost zibil hil ziren eta hamaseiren bat zauritu. Baliteke bonbardaketa horiek urriaren 21ean errepublikazaleek abiatutako ofentsiba eta erasoei erantzuteko asmoz burutu izana. Baina aurrerago ikusiko dugun moduan, azpimarratu behar da, Lekeitio plaza militarra zela, eta errepublikarrek bertan zituztela komandantzia, ospitalea, kuartelak eta armategiak. Beraz, mendekuzko erasoa izateaz gain, ziurrenik, errepublikarrak militarki ahultzea eta herritarrak beldurtzea zuten helburu.

[1] Atal hau egiteko batez ere “Juaristi, P. 2017. “Gerra zibila Lekeition eta Lekeitioko Frontean: 1936ko uztailetik urrira arteko egunak”. Kurik. Ate zulotik ikusten da Lekeitio. 3. Lekeitio: Lekeitioko Udala.” laneko testua hartu dugu oinarritzat, zenbait kasutan moldatuta edo laburtuta, eta beste batzuetan informazio osagarria gehituta.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia