Saltatu nabigazioa

2.4.3.- Baliabideen ustiapena

Esan bezala, abeltzaintza zen ekonomiaren ardatza, eta hazten zituzten abereen artean ardia, ahuntza, behia eta txerria aipatu behar dira. Jarduera horrek, nahitaez, animaliek bazkatzeko larreen beharrizana sortu zuenez, basoa errez eta moztuz joan ziren. Baina etxekotutako animaliak hazi arren, ez zituzten ehiza eta bilketa guztiz baztertu. Basurdea, orkatza edo oreina ehizatzen jarraitu zutela erakusten digute aztarnek. Nekazaritzan aritzen ote ziren ez dago hain argi. Lumentxan aleak ehotzeko esku-errota (argazkia) bat agertu da, baina momentuz ez da bestelako nekazal tresnarik aurkitu. Elikagaiak ustiatzeko modu berri horrek egonkortasun handiagoa eta lurralde jakin batean finkatzea ekarri zuen.

Jarduera berriak sortu ziren neurrian, Paleolitotik zetorren hezur, adar edo suharrizko industriaz gain, tresneria berriaren beharra ere agertu zen. Elikagaiak gordetzeko zeramika ontziak (argazkia) –eskuz egindakoak eta zenbait kasutan apainduak (argazkia)–, basoak mozteko harriz egindako aizkora edo jorraiak eta abar. Nekazaritzarekin batera artilea eskuratzeko aukera agertu zen, eta horrekin ehungintzaren garapena (argazkia). Adibidez, harriz edo buztin egosiz egindako ehundegi-pisuak agertu dira.     

K.a. II. milurtekoaren erdialdekoak liratekeen brontzezko zenbait tresna ere agertu dira. Hala ere, badirudi, metalezko tresnak oso urriak izango zirela. Gainera, ez da metala urtzeko erabiltzen zituzten molde edo bestelakorik agertu. Hori dela eta, ez dakigu metalgintzan aritzen hasiak ziren, edo beste batzuei erositako piezak diren (argazkia).

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia