Saltatu nabigazioa

7.4.2.- Egurraren ekoizpena

Erdi Aroan eta Antzinako Erregimenean egurra oinarrizko lehengaia zen eguneroko bizitzan. Besteak beste, eraikuntzarako, ontzigintzarako, hesiak egiteko, lanabesak egiteko, altzariak egiteko, erregai moduan erabiltzeko, ikatza egiteko eta abar erabiltzen zen. Bizitzaren arlo guztietan behar-beharrezkoa zen, bai eguneroko bizitzan, bai ekonomian eta industrian ere. Adibidez, eraikuntzan ez zen harria XVIII. mendera arte nagusitu.

Lekeitio eta inguruetan egur ugari zegoen, baldintza geografikoak egokiak baitziren basoak sortu eta ugaritzeko. Garai hartan haritza eta gaztaina ziren ustiaketarako zuhaitz mota garrantzitsuenak, nahiz eta, pagoa, artea, hurritza, lizarra, haltza eta gurbitza bezalako espezieak ere erabili.

Basoak modu egokian ustiatu eta aberastasun iturri hori zaintzeko, ordenantza eta legeak egiteaz gain, basozainak izendatzen zituen hiribilduko Kontzejuak. Hala ere, ez ziren gutxi izan herri, auzotar eta erakunde ezberdinen artean egurraren ustiaketaren inguruan sortutako gatazka eta borrokak.

XIV. mendean, Lekeitioko hiribilduak argi adierazi zuen zeintzuk ziren bere jurisdikziopeko basoen mugak, aurretik hainbat arazo izan baitziren Ondarroa eta Markinako kontzejuekin, eta baita Aulestiko haraneko olagizonekin ere.

Izan ere, XV. mendetik aurrera, hazkunde ekonomiko eta demografikoak eraginda, egur kontsumoak gora egin zuen. Lea ibarrean sortuz joan ziren burdinolek geroz eta erregai gehiago behar zuten. XVII. eta XVIII. mendeetan bereziki, sektore horrek egur-ikatz kopuru handiak erabili zituen. Izan ere, egurraren premia handiagoa zen burdinarena berarena baino. Esaterako, ehun kilo burdina lortzeko bostehun kilo egur behar ziren. Burdinolen zur eskari horrek arbola buruen ustiaketa ekarri zuen, basoen hazkundea kaltetuz.

 Arrantzaren eta ontzigintzaren sektoreak ere egurra behar-beharrezkoa zuen –ontziak egiteko, arrantza tresnak egiteko, otzarak egiteko–, eta ezin ahaztu, egurra oinarrizko lehengai zuten eskulangileak ere –eraikuntzako langileak, arotzak, kupelgileak–. Horrez gain, herriguneetan itzela zen egurraren eskaera, aurretik aipatutako ofizioen eskariaz gain, berau baitzen erregai nagusia: egur-ikatza egiteko, etxeetako sua pizteko, labeetarako, kontserba industriarako, olioa urtzeko. Horrela, sektore horien guztien beharrek basoen gutxiagotzea ekarri zuten.

Basoaren ustiaketari dagokionez, bi baso mota zeuden. Batetik, herri basoak zeuden, hau da, lur komunalak edo kontzejuen esku zeudenak. Bestetik, baso pribatuak zeuden, jabe bakarrekoak ala jabe askorenak izan zitezkeenak. Basoen arteko mugak sarritan ez ziren argi egoten eta, aipatu dugun moduan, horrek tirabirak sortu ohi zituen jabe ezberdinen edo kontzejuen artean. Oro har, mendeen joan-etorrian, pribatizazio prozesu bat bizi izan zuten herri-lurrek, eta jauntxo eta lur-jabe gutxi batzuen eskuetan pilatuz joan ziren basoak.

Lekeitiok hainbat baso zituen inguruko mendietan –Ballestegi, Baurdo, Otoio, Leiabe, Usa, Enparan eta Olaran– eta Aro Berrian horiek babesteko neurriak zorroztu egin zituen. Alde batetik, herriko eskaerari erantzuteko beharra zegoen eta, bestetik, hiribilduko eliteen interesak asetzekoa. Izan ere, Lekeitioko jauntxo askok alboko elizateetan burdinolak zituzten.

XVIII. mendetik aurrera, egur eskasia areagotuz joan zen eta hainbat neurri ezarri ziren ustiaketa kontrolatzeko, basotik hartu ahal zitekeen kopurua finkatuz edo herri-lurretatik hartutako egurra saltzea debekatuz. Basozainak arduratzen ziren arau horiek zorrotz zaintzeaz eta basoen egoera aztertzeaz. Bestalde, basoak birpopulatzeko politikak ere eraman ziren aurrera, gaztainondoak erein eta jagonez adibidez.

Hala ere, Udalak zorrak zituenean eta inbertsioren bat egin beharra zuenean mendiak ikatzetarako salduz ateratzen zuen dirua. Horrela, eliteen eta burdin industriaren eskarien ondorioz, basoak murriztuz joan ziren eta, era berean, egurraren prezioa igotzen hasi zen. XIX. mendean, egoera are gehiago larritu zen. Aurreko mendean, salneurrien inflazioagatik, gerrengatik, izurrite eta goseteengatik pilatutako zorrak zirela-eta, Udalak ez zuen herri-lurrak saltzea beste erremediorik izan, eta ia hiribilduaren menpeko mendi gehienak biluzik geratu ziren. Basoen ustiaketaz gain, kontrolik gabeko abeltzaintzak eta suteek ere ez zuten egoera hobetzen lagundu.

XX. mende hasieran, lurraldeko mendien egoera txarra ikusita, Foru Aldundiak baso-berritzearen aldeko planak abiatu zituen, batez ere, Pinus radiata espeziearen landaketak sustatuz. Pinu mota hori Carlos Adan de Yarzak (1812-1863) landatu zuen lehen aldiz, 1850 inguruan, Zubietako bere lorategian. Hurrengo hamarkadetan hainbat proba egin ondoren, 1898. urtean Bizkaian zituen lurretan era masiboan landatzea eta ustiatzea erabaki zuen bere seme Mario Adan de Yarzak (1846-1920). Bi izan ziren erabaki horren arrazoiak. Batetik, bertoko espezien aldean pinua azkar hasten zela ikustea eta, bestetik, beraien lorategian bertoko klimara ondo egokitu zela egiaztatzea. Urte batzuk geroago, bere errentagarritasunaren ondorioz, urre berde bezala bataiatu zuten yarzatarrek ekarritako espezie hori.

Bizkaiko basoak pinuz berritzeari esker, egur industria garatu ahal izan zen herrialdean. 1940ko hamarkadan Lekeitioko ekonomian ere pisu nabarmena hartu zuten zerrategiek, eta papergintzarako edo eraikuntzarako bideratu zen inguruko basoetako egurra. Industria horrek lehen sektorean tokia egiten jakin zuen. Baserritar askok aukera ontzat jo zuten nekazaritza eta abeltzaintzaren gainbeheraren ondorioz erabilerarik gabe geratutako lurretan pinua landatzea. Gainera, Pinus radiata azkar hazten denez, landatzaileak berak jaso zitzakeen haren mozkinak.

Hala ere, 1980ko hamarkadatik aurrera joera beherakorra izan zuen sektoreak eta, XX. mende amaieran, aurretik zeuden zerrategi txikiak itxi ostean, Maderas de Lekeitio eta Maderas Eiguren enpresak baino ez ziren geratzen herrian. Mende berriarekin eta papergintza eta eraikuntza sektoreen krisiarekin, ordea, biek itxi zituzten euren ateak.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia