Saltatu nabigazioa

1.2.3.- Jarduera ekonomikoak

XX. mendean, lehen eta bigarren sektoreek indar handi izan zuten Lekeitioko ekonomian, batez ere, arrantzak, arrain industriak eta egurraren industriak. Hala ere, mende amaieran krisian sartu ziren, eta gaur egun ia desagertuta daude.

Lehen sektoreari edo arrantzari dagokionez, gaur egun, bi ontzi handi eta itsasbazterreko arrantzan aritzen diren dozena erdi “lebazale” baino ez dira gelditzen. Antxoa edo hegaluzea bezalako espezien arrantza mantentzen den arren, ontzi handiek txitxarro eta berdelaren harrapaketarekin osatzen dute euren jarduera. 1996. urtean, herriko ekonomiaren %10 ordezkatzen bazuen, 2012an %2 baino ez zen jada[1].

Arrain industriaren egoera are okerragoa da. XX. mende erdialdean zazpi fabrika izan baziren ere, 1970etik aurrera gainbeheran sartu zen kontserba industria eta XXI. menderen hasieran itxi zituzten ateak azken lantegiek.

Antzeko egoera bizi izan du egurraren industriak ere. 1980ko hamarkadatik aurrera joera beherakorra izan zuen sektoreak eta, XX. mende amaieran, aurretik zeuden zerrategi txikiak itxi ostean, Maderas de Lekeitio eta Maderas Eiguren enpresak baino ez ziren geratu herrian. Mende berriarekin eta papergintza eta eraikuntza sektoreen krisiarekin, ordea, biek itxi zituzten euren ateak. Industria ere, 1996an herriko ekonomiaren %9,8 ordezkatzetik, 2012an %3,9 ordezkatzera igaro zen.

Industriaren datu eskas horiei eraikuntzaren krisia gehitu behar zaie. 2008-2010 urteen artean etxebizitzen burbuilak eztanda egin zuenetik, eta atzeraldi ekonomikoan sartzearekin bat, eraikuntzak ere behea jo zuen. XX. mendeko azken hamarkadetan, hainbat etxebizitza berri eraiki ziren Lekeition eta, adibidez, sektore hori 2005ean herriko ekonomiaren %15,6 ordezkatzera heldu zen. Hala ere, urte batzuk geldi daramatza. 2012rako erdira murriztu zen eraikuntzaren ehunekoa, %7ra.

Gainbeheran joan diren lehen eta bigarren sektore horien aldean, hirugarren sektoreak gora egin du etengabe. Gaur egun, zerbitzuak dira herriko jarduera ekonomikoaren oinarria. Arrantzak hondoa jo ostean, turismora bideratutako herria izatera igaro da Lekeitio ere. Prozesu bera bizi izan dute kostaldeko beste hainbat herrik ere.

Hazkunde horren adierazle da zerbitzuen sektorea 1996tik 2012ra ia hogei puntu igo izan gure herrian: %68tik %88ra hain zuzen. Hirugarren sektorearen barruan, merkataritzak, ostalaritzak eta garraioak izandako hazkundea da azpimarragarriena, 2012an %25,9 izatera igaro baitzen. Kontuan izan behar da, turismoak eraginda, uda sasoian izugarri hazten dela ostalaritza. Hala ere, azpimarratu behar da, arlo horretako lanpostu asko prekarioak, aldi baterakoak eta kontraturik gabeak izaten direla.

Amaitzeko, ekonomiari dagozkion beste indize batzuk aipatzearren, hona hemen garrantzitsuenak:

Bataz besteko langabezia %14,7koa da, eta gizon eta emakumeak alderatuz gero puntu erdi altuagoa azken hauetan. Atzeraldi ekonomikoa hasi zenetik gora egin du langabeen kopuruak. 2015ean jo zuen bere sabaia %16,1eko mailara iritsita. Azken urteetan jaitsi den arren, oraindik ere urrun dago 2010. urteko %10,3 hartatik.

BPG per capita 15.835 eurotakoa da, eta azken bi hamarkadetan etengabe hazi da, 1996an 8.410 eurotan baitzegoen. Azkenik, Lekeitioko langileen ikasketa mailari dagokionez, goi-mailako ikasketadunak urtez urte haziz doaz. 2017an 1.107 ziren, kopuru altua zalantzarik gabe.

[1] Balio Erantsi Gordina (BEG) jarduera-sektoreen arabera.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia